Zaintza aholkuak

Estas aquí Home » Zaintza aholkuak

Elikadura:

  • Saiatu otorduak beti ordu berean egiten eta gaixoak mahaian leku bera betetzen.
  • Otorduetatik kanpo elikagaien bat eskatuz gero, egokiena fruta edo zukua ematea, edo beste jarduera batekin entretenitzea da. Hori etengabe gertatzen bada, bere elikadura otordu gehiagotan banatu eta bakoitzean kantitate txikiagoa eman.
  • Mahaia jarri eta jasotzeko orduan lan egin dezan eskatu.
  • Mahaia modu sinplean jarri eta baxera hauskaitza eta egokia izan dadila. Esaterako, platerak handiak eta kolore bakarrekoak izan behar dira, anoak bereizi ditzan.
  • Distrazioak saihestu (esaterako, telebista).
  • Dieta askotarikoa izan behar da. Halaber, likidoak edatea oso garrantzitsua da.
  • Gaixoa zikintzen bada, ez zaio errieta egin behar. Zikindu ez dadin, mantal edo adur-zapi luze bat jar daiteke.
  • Mahai-tresnak erabiltzen ez badaki, utzi eskuekin jaten.
  • Elikagaien tenperatura beti egiaztatu.
  • Gaixoa mahaitik etengabe altxatzen bada, mahaiaren eta paretaren artean jar daiteke.
  • Ahoa irekitzen ez badu, ona izaten da kokotsa ukitu, beste eskuarekin janaria ematen diogun bitartean. Imitazioaz ere balia daiteke.
  • Kontrako eztarritik joateko arriskua badu gaixoak, kontuan izan behar da orokorrean errazagoa izango dela erdisolidoak diren elikagaiak hartzea, likidoak baino.

Garbitasuna:

  • Bainugelan ez sartu berogailu elektrikorik.
  • Lehorgailua eta bizar-makina gorde, eta soilik zaintzailea aurrean dagoenean erabiltzen utzi.
  • Bainuontziaren barruan ez labaintzeko alfonbrak erabili.
  • Dutxatzeko platerik ez badago, heldulekuak jarri (bainuontzian sartzen laguntzeko). Ez utzi gaixoari bainuontzira bakarrik sartzen eta irteten.
  • Ur bero eta hotzaren txorrotak ondo adierazita daudela egiaztatu. Oro har, gaixoen sentikortasuna murriztua dago eta oso hozberak dira (beraz, erredurak sortzeko arriskua areagotzen da).
  • Merkatuan “eserleku geriatrikoak” izenekoak daude, bainuontzi barruan sartu eta gaixoa nekatzen bada, esertzeko aukera ematen dutenak, edo oinak garbitzeko erabil daitezkeenak. Aukera hori ez badago, bainuontzi barruan plastikozko aulki bat sar daiteke, ez oso altua eta egonkorra dena.
  • Gaixoa jada bainuontzian sartzeko gai ez bada, zutik, konketaren edo ohearen kontra jarrita ere garbitu daiteke, narriadura orokorraren mailaren arabera. Horretarako, espezialista bati teknika hau nola gauzatzen den galdetzea komeni da.
  • Gaixoaren intimitatea ahalik eta gehien errespetatzeaz gain, bere ohitura higienikoak kontuan hartu behar dira: noiz mozten zuten bizarra, astean zenbatetan garbitzen ziren, goizez edo gauez egiten zuten, etab.
  • Bainatzeko unea erlaxagarri eta ludiko bilakatzea onuragarria da; beraz, bere garaiko musika atsegina jar daiteke eta urarekin jolasten utzi.
  • Bainatu nahi ez badu, ez eztabaidatu gaixoarekin. Hobe da itxarotea eta berriz saiatzea. Animatzeko, bere irudia indartzea komeni da: zein polit edo garbi dagoen esatea.
  • Bainatzeko unea azalaren egoera aztertzeko aprobetxatu, zauriak, gorritasunak eta hematomak bilatze aldera.
  • Ondo lehortzen lagundu, bereziki azalaren tolesturetan -izterrondoak, besapeak, behatzen arteko tolesturak eta bularraren azpialdea-.
  • Ispilu baten aurrean jartzera bultzatu, txukuntzen bukatzeko.

Komunaren erabilera:

  • Bainugela “komuna” jartzen duen eta komun baten marrazkia duen kartel batekin identifikatu.
  • Saiatu komuna logelatik gertu egon dadin, bertan pasatzen baititu eguneko ordu gehienak.
  • Saiatu gaixoa egunero gutxi gorabehera ordu berdinetan komunera joan dadin -gogorik ez izan arren- eta denbora batez eserita mantentzen.
  • Ohera sartu baino bi ordu lehenago likidoak hartzea mugatu (gauez pixarik egin ez dezan).
  • Behatu komunera joan nahi duela adierazten duten portaerak.
  • Paretan komunerako bereziak diren heldulekuak jarri.

Jantzi:

  • Armairuan soilik garaiko arropa jarri. Marrazkien bidez, arropa bakoitza non dagoen identifikatu (galtzerdiak, barruko arropa, alkandorak…).
  • Gaixoarekin batera hurrengo eguneko arropa aukeratu eta jantzi behar duen ordenan prest utzi.
  • Saiatu gaixoak bere gauzak beti leku berean gorde ditzan. Horrela, zailagoa izango da ahaztea eta lapurtu dizkiotela pentsatzea saihesten da. Gainera, galduz gero, komeni da gehien erabiltzen dituen eta beharrezkoak diren objektu pertsonalen ordezkoak izatea.
  • Botoiak eta kremailerak velcrozko tirez ordezkatu. Pieza bakarreko arropak erabili; elastikoak eta estuak ez direnak.
  • Komeni da lokarriak dituzten zapatak itsasgailuz ixten diren, ez labaintzeko zola duten, takoirik gabeak diren eta orkoi zabala dutenez ordezkatzea.
  • Ez aurreratu eta presa eman. Gaixoari bere kasa jantzi dadin denbora utzi, eta gai ez bada, egin behar duenaren inguruko agindu errazak ematen saiatu. Beharrezkoa bada, imitazioa erabili.
  • Ez pentsatu gaixoak ezin duela ezer egin. Agian, esaterako, soilik mahuka sartzeko besoa luzatzeko gai da eta hori adieraztea besterik ez du behar.
  • Gaixoak zutik edo eserita egon ezin badu, lehenik azpialdeko arropa jantzi daiteke, ohean dagoen bitartean. Ondoren, aulkian esertzeko altxatzerakoan, arropak igo daitezke. Horrela, soilik goialdeko arropa geratuko da.
  • Ahal bada, ispiluaren aurrean txukuntzen amaitu -denbora luzeagoz bere burua ezagutzeko gai izaten lagunduko dio-.

Loak:

  • Egunean zehar, gaixoa aktibo eta esna mantentzen saiatu. Jan ondoren, ordu erdiko lo-kuluxka edo atsedena hartzen utz daiteke (ahal bada, ohean sartu gabe).
  • Logelako tenperatura egokia dela egiaztatu.
  • Saiatu giroa lasaia, zaratarik gabe eta argi ahularekin egotea.
  • Kendu beldur dezaketen objektuak.
  • Gauez komeni da iratzargailu handi eta argitsu bat begien bistan izatea.
  • Ez utzi arropa eskura, nahastu eta jaiki eta janzteko ordua dela pentsa dezakeelako.
  • Oheratu aurretik, ezarri jardueren errutina bat, egin behar duena identifikatu ahal izateko. Esaterako: edalontzi bat esne hartu, komunera joan, garbitu, pijama jantzi eta oheratu. Halaber, jarduera horiek egiten diren bitartean, beti musika atsegin bera jartzea lagungarria izan daiteke (horrela, musika lo hartzearekin lotuko du).
  • Saiatu beti ordu berean oheratzen eta altxatzen.
  • Gaixoa gauez jaikitzen bada, leihoraino eraman, pertsiana igo -berak ikus dezala gaua dela- eta berriz oheratzen lagundu.
  • Zainketa horiek eginda ere lokartzen ez bada, medikuarengana jo. Lo hartzeko botika oso eraginkorrak daude.

Mugikortasuna mantendu:

  • Jarduera errazena paseatzera ateratzea da. Atsegina da lasai-lasai gustatzen zitzaizkion lekuetara joatea, atseden hartzeko geldialdi laburrak eginez.
  • Musika bizia jarri eta gorputz osoa mugituz dantzatzera bultzatu.
  • Oso egokia da ariketa errazak egitea: txalo egitea, zapi bat astintzea edo eskuarekin agur esatea.
  • Gaixoari behar duen laguntza eman, ahalik eta autonomia handienarekin mugitu dadin. Gurpil-aulkietan mugitzen hasi aurretik, saiatu makila, taka-taka edo beste pertsona baten laguntza erabiltzen.

Segurtasuna:

  • Botikina eta garbiketarako produktuak beti gaixoarengandik urrun jarri.
  • Sistema elektrikoetako kableak zuzen jarrita egon behar dira, ibilbide altu eta estalietan. Entxufeetan babesleak jarri.
  • Objektu zorrotzak, ebakitzaileak eta arriskutsuak giltzapean gorde.
  • Gasezko sukaldearen ordez elektrikoa jarri. Gastu hori egiterik ez baduzu, moztu gasa erabili behar ez denean.
  • Berogailuak altzari babesleekin estali, hormari ondo itsatsita daudela egiaztatuz.
  • Gaixoak kanila zabalik utz dezake; beraz, ura pasatzeko giltzak itxita uzten saiatu, etxean beste inor ez dagoenean.
  • Etxean aldaketak egin behar badira, saiatu bat-batean ez egiten, gaixoa nahastu ez dadin.

Galtzeko arriskua sahietsi:

  • Ez utzi gaixoari etxetik bakar irteten, eta harekin batera egonda ere, egiaztatu kaleko atea itxita dagoela eta krisketa emanda dagoela.
  • Atearen gainean musika-zintzilikari bat jarri; horrela, gaixoak atea irekitzea lortzen badu, zaintzailea konturatu egingo da.
  • Egokia da eskumuturrekoak edo lepokoak erabiltzea, duen gaixotasuna eta telefono-zenbakia edo norbaitek aurkituz gero, eraman beharreko helbidea adierazten dituztenak.
  • Auzoko lagun, dendari eta bizilagunei gaixotasunaren berri eman, bakarrik ikusiz gero jakinarazi diezaguten.

Erortzeko arriskua sahietsi:

  • Oinen egoera aztertu.
  • Ikusmenaren egoera aztertu.
  • Komeni da pasilloetan eskudelak jartzea.
  • Lo geratzerakoan, edo alderantziz, ezinegonaren ondorioz, aulkitik eror daiteke. Hori gerta ez dadin, saiatu aulki pisutsuak eta alboetan besoak dituztenak izaten, eta lo hartuz gero, mahai baten kontra jarri, besoak bertan jarriz.
  • Saiatu etxean txukuntzen, pasatzeko ohiko lekuetan espazio zabalak eta oztoporik gabeak utziz.
  • Etxebizitzaren argiztapena egokia dela ziurtatu.
  • Eskaileretan ez labaintzeko eta kolore nabarmenezko bandak jarri -gaixoak altuera aldaketak identifikatu ditzan-.
  • Alfonbrak kendu edo lurzoruan finkatu.