Dementzia

Estas aquí Home » Dementzia

Zer da?

Alzheimerren gaixotasuna definitu aurretik, dementzia bat zer den zehaztu beharra dago. Dementzia terminoak esanahi ezberdinak hartu ditu mendeetan zehar. Latinetik eratorria ( “de”, norberaren eta “mens”, inteligentzia), historiak Esquiroli egotzi dio adimen-atzeratasun eta dementziaren arteko ezberdintasunaren zehaztapena. Iragan mendearen hasiera aldera adimen, oroitzapen eta ulermen ahalmenei eragiten zien sindrome orokor moduan definitu ziren koadro hauek. Kontzeptu zabal hau barreiatu eta terminologia psikiatrikoak bere egin zuen, 1856. urtean, Morelek dementzia goiztiarra deskribatu zuenean neurri batean mugatu zen arte. Egungo definizioak Mediku-taldeak ahalmen intelektualaren desoreka duten gaixoak deskribatzeko erabili ohi du dementzia terminoa. Garrantzitsua da  dementzia zahartze prozesuaren ohiko desoreka ez dela nabarmentzea. Ezohiko patologia-prozesuek eragiten dituzte dementzia desorekak eta pertsona gazte zein adinekoei eragin diezaieke. Espainiako Errege Akademiak ematen duen dementziaren definizioa “zoramen, adimen nahasmendu” da. Medikuntza eta Psikologia adieran honela definitu da: Jokabide desoreka larria eragiten duen adimen gaitasunaren mailakako narriadura , eta atzeraezina. Honela, adimen-funtzio multzoaren mailakako narriadura ( memoria, arreta, adimena eta arrazoibide gaitasuna ) eta ondoriozko jokabide desorekak azaltzeko aplikatzen da dementzia terminoa.

Noiz susmatu dementzia izan badela?

Pertsona gehienek ahaztu dute noizbait izen, hitzordu edo lekuren bat. Ahaztura hauek ez dute gaixotasunaren hasierarekin zerikusirik. Dementzia duen pertsona bat leku ezagunetan gal daiteke, gertuko senitartekoen izenak ahaztu ditzake eta norbera nola jantzi, nola irakurri edo ate bat nola zabaltzen den ahaztu dezake. Dementzia, narriadura kognitibo mailakatuaren sindrome bat da, gaixoaren gizarte jarduera, lan jarduera , familia eta jarduera pertsonalean funtzionalki eragiteko nahikoa latza gainera. Dementziaren ezaugarri nagusia den memoria desorekaz gain, ondorengo ezaugarriak bete behar dira dementzia diagnostikatzerako orduan:

  • Kontzientzia mailaren desorekarik ez da izan behar.
  • Ondorengo arlo kognitiboetatik bi edo gehiago erasatea: lengoaia, arreta, adimen eta arrazonamenduaren abstrakzio-gaitasuna, ulertzeko modua, kalkulu matematikoa, praxiak ( eragingarri egokiei erantzunez zeregin xume eta mugimendu zehatzak egiteko gai izatea),gnosiak ( zentzumen-eragingarriak ezagutu eta adierazteko gaitasun kognitiboa) e.a.
  • Normalki nortasun aldaketak, afektibitate-arazoak eta sintoma psikotiko elkartuak  agerrarazten dira.

Sintomak Ondorengo sintomek dementzia badela susmatu arazi behar gaituzte:

  • Adimenaren galera mailakatua.
  • Kontzentratzeko ezintasuna.
  • Arazoak konpontzeko gaitasun eta arrazonamendu ahalmenaren murrizketa.
  • Nahasmendu latza.
  • Haluzinazioa, irudipenak
  • Sentikortasun eta ulertzeko modu aldatuak.
  • Objektu edo senitartekoak , edo zentzumenez ezagutzeko gaitasunaren narriadura (agnosia).
  • Loaren nahasteak (insomnioa, lo gehiago egiteko beharra, loaldi eta esna-aldi ziklo aldaketa).
  • Sistema-motorraren edo abilezia motorraren narriadura (apraxia) agerian geratzen da, irudi geometrikoak kopiatzeko , eskuen kokapena imitatzeko edo janzteko gaitasun ezagatik, edo oinez ibiltzerakoan ematen diren aldaketa edo mugimendu desegokiengatik.
  • Inguruko klabeak interpretatzeko gaitasun ezarekin batera denborarekiko zein ikus-espazial gaitasun eza.
  • Ikasketa-arazo zehatzak eta arazoak konpontzeko, orokortzeko gaitasun eza, pentsaera abstraktuaren galera, kalkuluak egiteko abileziaren narriadura eta ikasteko gaitasun eza.
  • Memoria falta: epe laburreko memoriaren arazoak ( gauza berriak gogoratzeko gaitasun eza) edo epe luzerako memoriarekin arazoak ( iragana gogoratzeko gaitasun eza)
  • Hizkuntz gaitasun eza edo narriadura ( afasia) hizkuntza ulertzeko zailtasuna ager liteke, irakurtzeko gaitasun eza (  alexia ), idazteko gaitasun eza ( agrafia ), hitz egiteko gaitasun eza, hitzak osatzeko gaitasun eza, gauzak izendatzeko gaitasun eza ( anomia ) edo adierazpen eskasa edo diskurtso desegokia edo hitz itsusiak, esaldi bat errepikatzeko gaitasun eza, esaldien etengabeko errepikapena eta bestelako hizkuntza-narriadurak.
  • Nortasun aldaketak (suminkortasuna, antsietatea, depresioa, ezbaia, egozentrismoa, malgutasunik eza, umore edo portaera desegokiak, gizarte-interakzioaren atzeratasuna, gizarte egoera edo egoera pertsonaletan moldatzeko edo elkarri eragiteko gaitasun eza, lanpostua mantentzeko gaitasun eza, norbera zaintzeko gaitasunaren narriadura, eguneroko bizi jarduerekiko interes galera.
  • Berezkotasun eza.

Zerk eragiten du dementzia bat?

Dementziaren kausak bi talde nagusietan multzokatzen dira: endekapenezkoak eta baskularrak, baina sarritan bestelako kausak ere badira dementziaren jatorri.

Endekapenezko arazoak

Dementzia endekapenezko gaixotasunaren ondorioa denean, prozesu kognitiboen mailakako narriadura atzeraezina da. Alzheimerra da dementzia atzeraezinen artean ohikoena. Dementzia sortu arazi dezaketen beste endekapenezko gaixotasunak Lewyren gorputzen dementzia, Parkinsonen gaixotasuna, Huntingtonen gaixotasuna eta Picken gaixotasuna dira. Narriadura intelektualaren beste kausen artean, garun-isuria ( apoplejiak), anoxia ( garunaren oxigeno falta ), Creuzfel-Jacoben gaixotasuna, Binswangerren gaixotasuna, HIESa eta esklerosi anizkoitza ditugu. Alzheimerren gaixotasuna 21,14 eta 1 kromosomen mutazioek edo ezagutzen ez ditugun bestelako faktoreek eragin dezaketen entitate heterogeneoa da. Aldakuntza klinikoak arruntak dira eta haserako adina, aurrera egite abiadura, eredu neuropsikologikoak eta sintoma neuropsikiatrikoen agerpena barne hartzen ditu. Alzheimerren gaixotasunaren kausa ezagutzen ez badugu ere, badira adina, mutazio genetikoak eta E4 apolipoproteina alelo baten agerpena arrisku-faktore garrantzitsuak direla dioten froga sinesgarriak.

Arazo baskularrak

Garun-isuri txikiak gertatzen direnean, jarraian, narriadura intelektuala ager liteke. Halere, garun-isuri txikiek eragindako erasanak atzeraezinak izan ohi dira.  Aterosklerotika-plakek mediku tratamendua jaso dezakete aurrerantzean gerta litezken isuriak ekiditeko. Hasieratik neurriak hartuz gero gaixoak hobera egin dezake.

Bestelako kausak

Sendagaiekiko erantzuna Preskribatutako sendagaiak hartzen dituzten adinekoek kontrako erreakzioak izan ditzakete, horien artean nahasmendua. Sendagai guztiak, errezetarik gabe saltzen direnak eta erremedio botanikoak barne, medikuarengandik baimenduak izan behar dira, aurkako albo-ondorioen aukera murrizteko. Ezinegona Depresioa eta bizitzan gertatzen diren aldaketa handiek, erretiroak, dibortzioak edo hurbileko senitarteko baten galerak esaterako, osasun fisiko eta mentalari eragin diezaiokete. Ezinegona eragiten duten gertaera larriak jasanez gero medikuarenera jo beharra dago. Metabolismo-arazoak Arazo ezberdinak izan daitezke, horien artean giltzurrunaren disfuntzioa, gibelaren disfuntzioa, desoreka elektrolitikoa, gibelaren gaixotasunak eta pankrearen nahasmendua dira aipagarrien. Arazo hauek nahaste egoerak sor ditzakete, loaren, jateko gogo eta emozioen nahasteak. Ikusmen eta entzumen arazoak Diagnostikatu gabeko ikusmen edo entzumen arazoek erantzun desegokiak eragin ditzakete. Erantzun hauek dementzia delakoan, oker interpretatu daitezke, pertsonak ezin bait du entzuten duena ongi ulertu eta inguruko estimuluak behar bezala barneratu. Elikadura-urritasunak B bitaminaren faltak desoreka kognitiboa eragin dezake. Elikagaiak mastekatzeko, irentsi edo digeritzeko zailtasunak dituzten gaixoengan arreta berezia jarri behar da. Dastamen eta usaimenaren galerak, apetitu faltak eta oker eutsitako hortzordeek elikadura-urritasuna bidera dezakete. Sistema endokrinoaren arazoak Hipotiroidismoak, hipertiroidismoak, paratiroide-desorekek eta guruin suprarrenalaren anomaliak dementziaren antza hartzen duen nahastea eragin dezakete. Infekzioak Adinekoen artean badira bat-bateko nahasmenduaren alde egin dezaketen infekzioak. Infekzioek eragindako nahasmendu hauek tratamenduari behar bezala erantzun ohi diote. Hematoma subdurala Garunari berari presioa egiten dioten likidoak pilatuz, odolbatuak sor daitezke garunaren azaleran. Kalte iraunkorra sortu aurretik, odolbatu hauek likidoa drainatuz tratatu daitezke. Presio arruntaren hidrozefalia Garunean ekoizten den likido zefalorrakideoaren jario eta xurgadura eteten da. Likidoa modu egokian xurgatzen ez denean, garunaren barnean pilatzen da eta presioa eragiten du. Presioa arintzeko eta likido zefalorrakideoa drainatzeko ebakuntza egin liteke. Garuneko tumoreak Garuneko tumoreek adimen-narriadura eragin dezakete. Tumore hauek onberak badira kirurgiaz erauzi daitezke baina gainerakoetan kirurgia, erradiazioa eta kimioterapia konbinaketak gaixoaren egoera hobetu dezake. Garun-lesio traumatikoa Erorketa edo istripu baten ondorioz gertatutako traumek, nortasun, prozesu kognitibo eta portaera aldaketak sor ditzakete. Buruan hartutako nolanahiko kolpe guztiei arreta berezia jarri behar zaie. Buruko lesioak beti ere mediku espezialistak aztertu beharko ditu.